XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honetaz gain 1872-76 bitartean burrukaleku bihurtu zen Hego Euskal Herria eta Iparraldera bertara ere hedatu ziren istiluen zipriztinak.

Hori dela eta, bada, aise ulertuko da dialektologia ikerketek aldi hartan egin zuten gainbehera.

Osterantzeko ondorioak ere ekarri zituen, ordea, gerrak, 1876az geroztik Euskal Herrian beste aro bat hasi zela baiezta dezakegu, hain izan zen erabatekoa gertatutako etena.

Euskal Herriko bizimodua Hegoaldekoa bereziki zeharo aldatu zen.

Foruak ezabatzeak eta horrek ekarri zuen industria hazkundeak erro-errotik zapuztu zituzten ordura arteko oinarri sozioekonomikoak.

Foruak ezabatzeak euskaldunen arteko batasuna sendotzea eta abertzaletasuna piztea ekarri zuen.

Aldaketa sakon horren ondorio izan zen, jakina, lehenbiziko alderdi politiko abertzalea sortu izana: EAJ (1895).

Abertzaletasun horrek, bestalde, eta industrializazioak erakarritako inmigrante multzo ikaragarriaren eraginez, kutsu xenofobo nabarmena hartu zuen gerraosteko urte haietan eta honen guztionen oihartzuna bete-betekoa izan zen hizkuntzaren esparruan ere.

Abertzaletasun xenofoboari lotuak ikusi uste ditugu, esate baterako, orduan indartu ziren joera garbizaleak.

Baita, XVI. mendeaz geroztiko euskarazko lekukotasun idatzi guztiak gaitzetsiz, gure lehen arbasoek, kobazuloetan bizi ziren haiek, hitz egiten omen zuten euskara garbi eta aratza berreskuratzeko grina zoroa ere.

Arana-Goirik bere Lecciones de Ortografía del euskera bizkaino (1896) liburuan aldarrikatutako herrialde bakoitzak bere literatura euskalkia printzipioari men eginez, hirugarrenik, haren jarraitzaile sutsuetako zenbaitek (Arriandiagak, besteak beste) eginahalak egin zituen erizpide horren egokitasuna eta zuzentasuna frogatu eta sendotzearren.

Bizkaieraren apartekotasunak harrotzeari eta handitzeari ekin zitzaion, gainerako euskalkiekin batzen zituen ezaugarriak alde batera utzi eta haiengandik banatzen zituenei lehentasuna emanez.

Zurrunbilo horretan murgildurik, antzina hizkuntza ezberdin bi euskara eta bizkaiera egon zirela esateraino iritsi ziren eta horrela ezarri gaur arte bizirik iraun duen hiperbizkaieraren oinarria (2) Hiperbizkaiera deitutako joera honen jatorriaz ikus bereziki: I. Laka. Hiperbizkaieraren historiaz, ASJU, 1986-1987 bitarteko aleetan.

Uste ustel horren oihartzuna, gainera (Uhlenbeck, Lacombe eta abarrei esker), gure mugetatik kanpo ere barreiatu zen ondorengo urteetan.

Hiru joera hauek (hots, garbizaletasunak, jatorrizko euskarara bihurtu nahiak eta hiperbizkaierak) erabat nahasi zuten euskararen egoera eta bizkaiera suertatu zen denetan kaltetuen, Bizkaian sortu eta indartu zelako Alderdi Jeltzalea eta alderdi horren inguruan garatu zirelako, batipat, joera guzti hauek.

Bizkaiera bera bazter-euskalki izateak eta, horrenbestez, besteengandik berezi xamar agertzeak, erraztu egin zuen, jakina, hiperbizkaiera-ren haziak indar hartzea eta sustrai sakonak botatzea.

Benetako diglosia egoera gauzatu zen Bizkaian eta diglosia hitza Jean Psicharik bere aspaldiko Un pays qui ne veut pas de sa langue (Mercure de France 1928-urriak 1, 63-121) lanean tajutu zuen zentzu berberean darabilt, (...)